'Azterketa' Category

Hautaprobak prestatzen V

June 7th, 2007 June 7th, 2007
Posted in Azterketa
No Comments

Errapasorako azken mezua. Gogoan izan gelan esandako guztia:

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak:

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala eta ziurtatu zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?

3. Gaia:

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena:

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu:

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Gehiago jakin nahi baduzu, joan gure wikira.

Hautaprobak prestatzen I

June 7th, 2007 June 7th, 2007
Posted in Azterketa
No Comments

Ikaslearen zamaDakizuen bezala, Hautaprobak unibertsitatean sartzeko bidea ematen duten gaitasun-probak dira, eta horiek gainditzea derrigorrezkoa da ikasketak unibertsitate publikoan hasi nahi duten bertako zein kanpoko ikasleentzat.

Zorionez edo zoritxarrez aurtengo Hautaprobak iritsi dira! Hainbeste kezka, buruhauste, urduritasun, larrialdi eta estura sorrarazten dizkiguten azterketak hementxe dira asteazkenean hasita ostirala bitartean. Euskarako proba azken egunean izango denez, gelditzen diren egun hauetan hemendik eta handik ateratakoak errepaso modura ipintzea otu zait.

Ekin diezaiogun gaurkoan azterketaren egitura eta ezaugarriak berrikusteari:

Ondo baino hobeto dakizuen bezala, ondorengoak dira azterketaren atalak (labur-labur esanda) :

1. AZTERKETAK BI ATAL NAGUSI DITU:

a) ULERMENA (6 p.):

  • Ulermenean, batetik edukiari buruzko galderak egiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen bada, puntuazio gorena emango zaio galdera bakoitzean. Bost galdera direnez, bakoitzari 0,4 puntu dagozkio.
  • Bestalde, testuaren laburpen txiki bat (6-8 lerrotan) egiteko eskatzen da eta gaia (sintagma labur batean) zein den esateko. Iruzkin kritikoetan ohi denez, ikasleak bere hitz propioak erabili behar ditu eta ez du balio testuko esaldiak osorik eta besterik gabe jasotzeak. Lan hori txukun egiten bada (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu dela erakutsiz), beste bi puntu emango zaizkio, gramatika oker nabarmenik ez bada behintzat.
  • Esaldi batzuk moldatzeko ere eskatzen zaio ikasleari. Ongi erantzuteak esan nahi du testuan agertutako esaldi batzuk beste modu batera eman direla. Horretarako, parentesi artean ematen den hitza (forma horretantxe) erabili behar da, esaldia beste modu batera adierazteko. Ematen den ordainak eta testuko esaldiak funtsean adiera bera izan behar dute. Eskatzen diren ordainak ongi emanez gero, beste bi puntu emango zaizkio ikasleari.

b) IDAZLANA(4 p.):

  • Idazlanagatik beste 4 puntu jasoko ditu ikasleak. Horretarako, proposatzen den gaiari eutsi behar dio eta ez beste bati, adibidez. Hizkuntza zuzentasunaz gainera, aberastasuna ere kontuan hartuko da, bai joskeran bai hiztegian. Ideiak elkarrekin behar bezala josiak, testu koherente batean, argi eta zuzen idatziz gero, puntuazio gorena emango zaio ikasleari. Argudioak eman behar direnean, argudiatzeko modua nolakoa den ere kontuan hartuko da.

2. FROGAREN EZAUGARRIAK:

  • Luzera: 400 hitz inguruko testu bat emango da aztertzeko.
  • Azterketa egiteko denbora: Azterketa egiteko 90 minutu izango dute ikasleek.
  • Testu motak: Testuak argudio-testuak, azalpenak, narrazioak edo deskribapenak izango dira. Kazetaritzazkoak gehienbat, baina zientzia arlokoak edo literarioak ere izan daitezke. Euskara batuan idatziak eta erregistro jasokoak izango dira. Behar denean, hiztegiari buruzko zenbait azalpen emango da oinohar gisa.

Orain arteko gai guztietako azterketa ereduak ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen. Hurrengoan, argudio testu bikain bat idazteko aholkuak emango dizkizuet. :smile: